Ikastetxeko gorabeherak

 

  2019-11-28
GURE IKASTETXEAN TRATU ONA DA BIDE BAKARRA

Eskolak gizarteko erronkei erantzun behar diela argi dugunez, gure ikastetxean oso garrantzitsua da hezkidetza, eta txertatuta dago gure eguneroko jardunean. Horren baitan, hainbat urte daramatzagu jarduera zehatzak egiten Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ikasleen artean ideia argi bat finkatzeko, hots, TRATU ONA DELA BIDEA.

Giza harremanetan elkarrenganako tratu txarrak edo desegokiak izaten ditugu sarri, batzuetan konturatu ere egin gabe. Horrelakoak normaltzat jotzen ditugu askotan, eta jarrera horiek ez dira batere mesedegarriak errespetuan eta parekidetasunean oinarritutako harremanak sortzeko. Emakumeek askotan jasaten dituzte jokabide horien ondorioak. Hortaz, argi eta garbi irakatsi behar diegu gure haurrei, hitzez eta ekintzaz, pertsona guzti-guztiek merezi dugula tratu ona, inongo bereizketarik egin gabe.

Aurtengo jardueraren bidez, ikasleek tratu onak eta txarrak ongi identifika ditzaten lortu nahi izan dugu. Ikasleek tratu onaren eta tratu txarraren adibideak eman dituzte, eta ekarpen horiekin guztiekin horma irudi erraldoi bat osatu dugu. Bertan, bi emotikono ageri dira, bata haserre eta bestea pozik, eta ikasleek dagokion emotikonoaren azpian sailkatu dituzte tratu on eta txarren adibideak. Lehenak koloretan idatzi dituzte, eta bigarrenak, aldiz, zuri-beltzean, are argiago gera dadin nola sentiarazten gaituzten era bateko eta besteko tratuek.

Ikasgeletan landu dugu gaia, eta azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ikastetxeko sarreran ipini dugu guztien artean sortutako horma irudia, mundu osoan egiten den aldarrikapenarekin bat egiteko, eta argi uzteko ikastetxean tratu ona besterik ez dugula onartzen.

Maialen Oliveri eskolako ama batek idatzi duen artikulua