Ikastetxeko gorabeherak

 

  2022-03-22
UDAKO OPORRAK 2022

Martxoaren 28an zabalduko da Udako Oporrak programan izena emateko epea

• Izen-emateak presentzialki egin ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea

Datorren astelehenean, martxoaren 28an, Udako Oporrak programan izena emateko epea zabalduko da. Epea apirilaren 15era arte egongo da zabalik, eta bertan Errenterian erroldatutako haur guztiek parte hartu ahal izango dute, baita herriko ikastetxeetan ikasten dutenek ere, nahiz eta bertan erroldatuta ez egon.

Herritarrei gomendatzen zaie izapide guztia egitea gazteria.errenteria.eus webgunetik sar daitekeen aplikazioaren bidez.

Martxoaren 28tik apirilaren 8ra, biak barne, presentzialki ere egin ahal izango du izen-ematea nahi duenak. Horretarako inprimakia gazteria.errenteria.eus helbidean eskuratu daiteke eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan (Herriko Plaza z/g) aurkeztu behar da. Ordutegia ondorengoa da: astelehenetan 7:30etik 14:00etara, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan 7:30etik 19:00etara.

Aurrez aurre joateko, ezinbestekoa da hitzordua hartzea 943 449 600 eta 010 telefonoetan. Hitzordu bakoitzean pertsona bakarra sar daiteke.

Udaran ere, aisialdi hezitzailea

Udan, ikasturtean zehar bezala, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egiten da. Aisialdi horren helburu nagusia balioetan eta eskubideetan heztea da, hala nola parekidetasunean, parte-hartzean, inklusioan edo euskaran.

Bizi dugun osasun-larrialdi egoera dela eta, eskaintza egungo segurtasun-neurrietara egokitu da eta horrek eragina du antolaketan.

Hori dela eta, aurten, eskainitako plaza-kopurua mugatua den arren, izena emateko hurrenkeraren arabera esleituta, hamar egunez parte hartzeko eskaintza berreskuratu da.

Horregatik, 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ‘Txikiak’ zein 2012 eta 2015 urteen artean jaiotakoei zuzendutako ‘Handiak’ programetan izena eman nahi dutenek ekainaren 24tik uztailaren 21era bitartean egingo diren bi txandetatik batean parte hartu ahal izango dute.

Programak Kaputxinoetan, Erdigunean, Beraunen eta Markolan egingo dira.

Bi programen artean 380 plaza eskainiko dira txanda bakoitzeko eta haurrak ezin izango dira taldeka apuntatu.

Tarifak honako hauek dira: ‘Txikiak’, 42,10€ eta ‘Handiak’, 52,60€. Aurten ere ordainketa ez da izena ematean egin beharko. Ekainaren 1etik aurrera kobratuko da, bertan adierazitako kontu korrontean.

Joan den urtean izandako harrera onaren ondoren, ‘Errenteabentura’ programak proposamen hau berriro plazaratu da. 2009 eta 2011 urteen artean jaiotako parte-hartzaileek goizez eta arratsaldez (9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara) hainbat jarduera egin ahal izango dituzte, baita egun osoko txangoak ere (9:30etik 17:30era).

Errenteabenturak txanda bakarra izango du uztailaren 4tik 15era, eta 80 pertsonak parte hartu ahal izango dute guztira.

Ekintza horren prezioa 63,00 eurokoa da.

Hezkuntza-eskaintza honek jasotzen duen azken programa 2006 eta 2008 urteen artean jaiotako biztanleei zuzendutako jarduera da. Horiek astebete igaro ahal izango dute Beireko (Nafarroa) aterpetxean, uztailaren 4tik 13ra bitartean.

Jarduera horren prezioa 210,30 €-koa da eta 50 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Azken bi programa horietan (Errenteabentura eta Beire), apirilaren 25ean ateak itxita egingo den zozketaren bidez osatuko da parte-hartzaileen zerrenda.

Zozketa hori gazteria.errenteria.eus webgunean ikusi ahal izango da beranduago.