Ikastetxeko gorabeherak

 

  2023-06-11
MUGIKORTASUN JASANGARRIA ETA ESKOLA KIROLA

Ikasturtean zehar eskola kirolera joateko mugikortasun jasangarriko bitartekoak erabili dituzten ikastetxe eta ikasleak saritu dituzte Koldo Mitxelena ikastetxean egindako ekitaldi batean.

Eskola Kirolean, kirola, heziketa eta osasuna oso eduki garrantzitsuak dira. Hiru eduki horiek lotu nahian, duela urte batzuk Oarsoaldeko eskola kirolaren parte diren eragileek arreta jarri zuten haurrek larunbatetako jardueretara joateko erabiltzen zuten garraio moduan.

Saioetara joateko gehien erabiltzen zen desplazamendu modua nor bere autoan joatea zela nabarmendu zuten, hau da, haur bakoitza auto batean.

Kirola praktikatzera joateko ibilgailu bat hartu behar izatea, berez, inkoherentzia dela ikusita, naturarekiko ardura eta desplazamendu jasangarrien aldeko apustua egin zen.

Horretarako 2013/2014 denboraldian desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plana jarri zen martxan. Planaren helburua zen bakarkako autoaren erabilera murriztea. Bizikletan, oinez, garraio publikoan edo auto partekatuan gehiago desplazatzeko asmoz, hainbat ekimen jarri ziren martxan, hala nola, gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatu, bizikletan desplazatzen ziren haurrak saritu eta abar.

Datu bilketa hori eskola kiroleko asteburu guztietako jardunaldietan egiten da geroztik, haur bakoitza nola desplazatu den jakiteko.

Proiektua martxan jarri zenetik kirol instalakuntzetara desplazatzeko modua aldatu egin da eta aipagarriena bizikletaren erabilera hazi izana da.

2022-2023 denboraldian berriz ere denon ahaleginari esker, haurrak larunbatero alde batera eta bestera txirrinduz desplazatzen ikustea normalizatu egin da.

Aurtengo ikasturtean hauek izan dira datu onenak lortu dituzten haur eta ikastetxeak eta, ondorioz, opariak jaso dituzte:

– Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikastetxea Koldo Mitxelena izanik, bi bizikleta jaso ditugu sari moduan.

– Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea Telleri-Alde izanik, sari gisa bizikleta bat jasoko du.

Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikasleari patinete bat oparitzen zaio. Koldo Mitxelenako Libe Rodriguez izan da aurtengo irabazlea.

– Eskualdeko 11 ikastetxeetako 400 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egindakoak. Guztien artean bizikleta bat zozkatu da eta sariduna Lezo Herri Eskolako Ane Askasibar izan da.

– Sari-ematea amaitzeko, gutxienez behin txirrinduz desplazatutako 400 haur horietako bakoitzak bizikletarako txirrina bat jaso dute

OSO HARRO GAUDE