Inauteriak data garrantzitsua izaten dira Koldo Mitxelena Herri Ikastetxean, eta aurtengoan ere halaxe izan da
Errenteriarrek herrirako aukeratutako gaia ardatz hartuta, ‘Jolasak eta jostailuak’, mozorroak pentsatu, eta lanari ekin zioten ikasle zein irakasleek. Helburua: ostiral argalean desfile ederra eskaintzea herriko kaleetan!
Inauterietakoa ikas komunitate osoa biltzen duen proiektua da. Gorputz Hezkuntzako irakasleak arduratzen dira desfilerako abestiak aukeratzeaz, eta dantzak 6. mailako ikasleekin batera asmatzen dituzte. Gero gainerako irakasleei eta ikasleei irakasten dizkiete. Atezainak arduratzen dira karrozaz eta musika ekipoaz. Ziklo bakoitzak mozorro bat aukeratzen du, eta eskolan bertan prestatzen dituzte. Horretarako, garrantzitsua izaten da familien laguntza, izan materialak ekartzeko, izan mozorroak egiten laguntzeko. Aurten, adibidez, Haur Hezkuntzako ikasle txikienen kasuan deialdia egin da, eta arratsalde batean zenbait guraso bildu dira, haurren mozorroak prestatzen laguntzeko. Mozorroak ikusita, bistan da artista hutsak direla, haur zein heldu!
Baina irudimena, lankidetza eta alderdi sortzailea lantzeaz gain, proiektuak beti ematen die aukera irakasleei eskolan gairen bat jorratzeko, maila bakoitzera egokituta. Aurtengoan, hezkidetzarekin lotzeko aprobetxatu dute gaia, eta estereotipoak aztertu eta sexismoaren aurrean iritzi kritikoa sustatzeko jarduerak egin dituzte, galdera honetatik abiatuta: jostailuek badute generorik? Gai horrek ere izan du presentzia desfile egunean, haurrek aurrealdean eraman duten olanan.
Eta azkenean iritsi da egun handia! Urduri baina gogotsu, kalera irten da ikas komunitate osoa, eta zenbait astez egindako lanak emaitza bikaina izan duela erakutsi dute. Herriko erdiguneko kaleak kolorez, musikaz, dantzaz eta irribarrez bete dituzte beste urte batez. Datorren urtean ere ez dute huts egingo!
Agiritegia
irakasle eta gurasoentzako gune pribatua da pasahitzarekin babestuta:
Pasahitza
agiritegiko pasahitza nahi badezu:
Albisteak
zure postontzian jaso nahi badituzu: