Ikastetxeko gorabeherak

 

  2021-03-13
I BER3 (Ibili, Ikusi eta Ikasi)

11 ikastetxe 11 tontor ekimenari jarraiki, gure ingurune hurbila, paisaia, herri ondarea eta bere historia ezagutzeko sortutako I ber3 ekimena badator haur eta familiak jarduera aktibo bat burutzen jarraitzeko. Egitasmo paregabea, herrietatik irten ezin dugun momentu honetan, eskura dugunaz gozatzeko.

Helburua, Oarsoaldeko bailaran zehar diseinatu diren IBILALDI NEURTU, IBILALDI INTERAKTIBO ETA ORIENTAZIO IBILBIDEEN BITARTEZ, ingurua ezagutu eta ibilbideetan zehar aurkitu ditzakegun elementu natural zein historikoekin elkar eragitea da. Iber3 izena hiru ekintza hauen laburdura ere bada era berean.

Ikastetxeen bitartez, nahiz https://www.oarsoaldekoeskolakirola.eus/ web orriaren bitartez eskuragarri jarriko dira egitasmo honetako jarduera anitzak, hala nola:

Ibilaldi neurtuak: Herrian zehar edo izanez gero, landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, puntu batetik bestera eta orokorrean, zehaztutako erritmoan oinez, korrika edo bizikletan osatu beharreko ibilaldiak izango dira. Informazio guztia fitxa batzuen bitartez zabalduko da.

Ibilaldi interaktiboak: Herrian zehar edo izanez gero, landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, inguruarekiko informazioa eskuratu edo harekin elkarreraginez galdetegi bat osatzean oinarrituko dira ibilaldiak. Galdetegia bera esteka baten bitartez zabalduko da.

Orientazio ibilbideak: Herrian zehar edo izanez gero, landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, mapan zenbakiz adierazitako puntuak dokumentu berean azaltzen diren hizkidun argazki edo irudiekin zuzen erlazionatzean oinarrituko dira ibilaldiak. Mapa eta irudiak fitxa batzuen bitartez zabalduko dira.

Jarduerak zuzen edo era egokian burutu diren jakiteko ibilaldi neurtu eta orientazio ibilbideetan jasotako emaitzak norberaren ikastetxeetako koordinatzaileari iristarazi beharko zaizkio. Ibilaldi interaktiboetan ordea, galdetegiak erantzun besterik ez dira egin beharko, bertako informazioa zuzenean iritsiko baitzaio koordinatzaileari.

Hiru jarduera edo ekintza hauek bilduko dituen ekimen hau aukera paregabea deritzogu aktibo mantenduz, familia unitateetan une gogoangarriak bizi eta inguruneaz ikasteko.

Anima zaitezte, parte hartzeak merezi du!